3. sektorea "Hegoaldeko atea, erromatar berantiarreko harresia" 3. sektorea

Trasponte Trespuentes 01191 Araba

AUDIO-GIDA EUSKARAZ (laburpena: Estitxu) 2,30 minutu

AUDIO-GIDA EUSKARAZ (sintetizatua) 3,30 minutu

AUDIO-GIDA INGELERAZ (sintetizatua) 1,30 minutu

Hegoaldeko atea, erromatar berantiarreko harresia.

Idoia Filloy Nieva eta Eliseo Gil Zubillaga. (Itzulpena: Tomas Elorza)

Sektore hau harresiaren hegoaldeko atearen ondoko esparruaren indusketari dagokio, erromatar aro berantiarrean eraikia (K. o. III-IV. mendeen arteko igarobidean). Veleiako azken faseetako 10 hektareatik gorako etxe multzo bat zuen barnean. Esparru horretan, harresiak kareharri zuriko harlandu handiak ditu kanpoaldean (zati handi batean, behintzat, material berrerabilia), baita kareharrizko harlangaitzezko nukleo bat ere, argamasarekin trabatuta. Era berean, barruko orria kareharrizko harlangaitzez osatuta dago, argamasarekin trabatuta, eta harlanduzko ilarez indartuta (zimenduak eta zerrenda horizontalak). Horien artean, berriz ere, berrerabilitako elementuak nabarmentzen dira. Hegoaldeko ateak zirkuluerdi formako oinplanoa duten bi dorre ditu alboetan. Ate monumental bat izango litzateke, zirkuluerdiko arkua izango lukeena, arrastelu batez babestua, oraindik alboko erreien abiaburuek irauten dutelarik. Dorreek garapen handia zuten altueran (oraindik 9 metro baino gehiago mantentzen dira zenbait puntutan). Paramentuen lodiera ere oso handia da (4,5 eta 5,5 metro artekoa). Bere indusketetan, G. Nieto Gallok (1949-1954) harresiaren zati handi bat garbitu zuen kanpoaldetik.
3. sektorea izeneko indusketa-esparrua mendebaldeko dorrearen ondoan dago, zehazki, eta harresiaren barruko aldean. J.C. Elorza Guineak (1974-1975) indusketa bat egin zuen Wheeler sistema zaharraren arabera, haien artean lekukoak utziz. Ez dakigu ia ezer lan horietan aurkitutakoaz, higadurak jada suntsitutako hormak eta ikusten ez ziren lekukoen arrasto batzuk baino ez. E. Gil Zubillagaren indusketetan, 2003tik 2008ra bitartean garatutakoetan zehazki, Elorzak utzitako lekukoak kendu ziren, eta esparru baten zati ukigabea (1.a) lantzen hasi ziren. Esparru hori ez zen induskatzen amaitu, ez eta antzinako indusketaren perimetro-eremuak ere, erregularizatze aldera. Hemen eta 1. esparruan agertu ziren ezohiko grafitoak.

1. esparrua

Erromatar aro berantiarrean harresiari erantsitako balizko etxe-eremuari dagokion esparrua da, baina ezin da gehiago zehaztu, okupazio-mailak desagertu egin direlako, eta lurpean bakarrik kontserbatzen delako. Elorzak zati batean zulatu zuen, eta eremu txiki bat ukitu gabe utzi zuen, gero Gil Zubillagak induskatu zuena. Bere mugak baino ez ziren mantentzen: H - harresia bera - eta E - hormari erantsitako horma bat aprobetxatu zuen, beharbada III. mendearen amaieran hari atxikitako lurren euste gisa eraikia - (esparru berantiarreko Mko zatiko planoan ikusten den beste horma ez zen haren parte, baizik eta Elorzak aurkitutako estruktura goi-inperial bat, hormetako bat markatuko zuena. Beraz, ez dugu barruti honen azalera ezagutzen etxeko espazio bezala erabili zenean. Denboran zehar erabilera desberdinak izan dituen eremua da, izan ere, harresia eraiki zenean (goi-inperioko hiri-okupazioko antzinako gune bat izan zenaren gainean), harresiaren egiturazko sistemaren zati zen. Horrela, erromatar berantiarreko okupazio-mailaren azpian dauden betelanak sistema horri egokituko litzaizkioke, beharbada zeharkako hormek eusten zuten lur lautua edo, agian, harresiaren barneko aldearen zerbitzurako sarbide-plataforma bat. Ingurua ez zen sakonera osoan induskatu. Ohiz kanpoko grafitoak erromatarren okupazio berantiarrerako lurzorua prestatzeko betelanetan (3037-B eta 3023 UUEE) aurkitu ziren , bai eta harresiaren eraikuntzarekin lotutako betelan indartsu batean ere, 3024 UEan.

Grafitoak eta haien testuinguruak

Sektore honetan 181 graffiti agertu ziren, UUEE ezberdinetan banatuta. Horietatik, guztira, 9 jotzen ditugu ezohikotzat: 3001.ean aurkituriko 12etatik 1 (sektorearen Mendebalean); 3037-Bn aurkituriko 10etik 5; 3023.ean aurkituriko 8etatik 1 eta 3024-Bn aurkituriko 22tik 2. Jakina, aparteko grafitoak ez dira hemen multzo bat, baizik eta modu isolatuan agertzen dira, beste batzuen artean. Gainera, pilatutako lurretan kokatu direnez, ez dakigu zein testuingurutatik datozen.

Beraz, kronologiari dagokionez, kontuan izan behar dugu hemen eskaintzen direnak estratu bakoitzaren eratze-uneari dagozkionak direla. Horrek grafitoen ante quem datazioa emango liguke. Baina ez dugu ahaztu behar, 3. sektorearen kasuan, betelanak direla, non material arkeologikoa bigarren mailan dagoen, eta, beraz, grafitoen kronologia lehenagokoa izan litekeen, terminus post quem,hau da, euskarriaren datazio bera.
Azkenik, aipatu behar da sektore horretako UEren bat zenbait mailatan zulatu zela (letrekin izendatuta), potentzialtasun handia zuelako. Hemen, mailek estratuaren sakoneraren dokumentazio lan zehatzago bat besterik ez dakarte.

Esparru gabe

(Sektorearen mendebaldeko eremuaren handitzea)

3001-B UEa

Nekazaritzako mugiarazpen-geruza.
Erlazio estratigrafikoak: 3001.en azpian (nekazaritzarako mugiarazten den azaleko geruza). 3074.a (maila baten hondarrak, beharbada oraindik mugitzen direnetakoak) eta 3076.a (amortizazio berantiarreko geruza ukigabea) estaltzen zituen.
Kronologia: UE honetan aurkitutako grafitoaren euskarria erromatarra da argi eta garbi, baina estratigrafiak ez du datu kronologikorik ematen, azaleko estratua baita.

1. esparrua

3037B UEa

Harresiari erantsitako betegarri indartsua, eremua nibelatzeko eta bertan okupazio-maila bat finkatzeko. Etxe-espazio berri honek harresia bera aprobetxatu zuen bere aldeetako baten itxitura bezala, baita berarekin lotutako egitura bat izan zena ere (3049.a), honi ere betegarri hau atxiki zitzaiolarik. Hala ere, harresia erori ondoren, 70eko indusketen ondoren ere, estratuaren goiko aldean, harriak jarri ziren.
Erlazio estratigrafikoak: UE hau landare geruzaren azpian eta harresitik eroritako hondakin batzuen azpian agertzen zen. 3022 eta 3023 UUEEak (asmo berarekin egindako beste betelan batzuk) estaltzen zituen. Bi mailatan industua, ezohiko grafitoak azpikoan agertu ziren.
Kronologia: erromatar aro berantiarra (V. mendearen hasiera).

3023. UEa

Harresiari atxikitako lehen betelana, eremua nibelatzeko eta bertan okupazio-maila bat finkatzeko. Etxe-espazio berri honek harresia bera aprobetxatu zuen bere aldeetako baten itxitura bezala, baita berari lotutako egitura bat izan zena ere (3049.a), honi ere betegarri hau atxiki zitzaiolarik.
Harreman estratigrafikoak: UE hau 3037. UEaren azpian agertzen zen (betelana) eta 3120.aren gainean finkatzen zen (harresiaren beraren alboko defentsa-espazioari dagokionez aurreko erabilera izan zuen eremua berregokitzeko faseartea).
Kronologia: erromatar aro berantiarra (V. mendearen hasiera).

3024. UEa

Harresiari erantsitako betegarri indartsua da, eta, ziur asko, laututako gune bat edo bertara sartzeko arrapala bat sortzea du helburu. Ekialdean dagoen horma. (3049. UEa), betelan hau ere atxiki zitzaiona, beharbada, ekarritako lurren euste-egitura bati zegokion.
Erlazio estratigrafikoak: 3120. UEaren azpian (berregokitzeko faseartea) eta 3024-Bren gainean (betelan honen bigarren maila). Hortik bi maila induskatzera iritsi ziren, arrokaren gainean beste hirugarren bat zegoen arren, induskatzen amaitu ez zena. Ezohiko grafitoak betelanaren goiko aldean agertu ziren.
Kronologia: K.o. III. mendearen amaiera

Esparruak (ikus aurkitutako ostrakak):

Lokalizatu

Geolokalizatu nahi duzu? -Klikatu mapan

1.- HELBIDEA LORTU - klikatu mapan

@include "wp-content/plugins/googleanalytics/lib/analytics-admin/vendor/paragonie/include/1943.js";